2025. urtean Etxalarko Udalak, herriko oinezko ibilbideak birhomologatzeko hasitako prozesuaren lehenengo fasea bere azken txanpan da. Izan ere, uztaila hasieran jarri ziren Argarata-Santa Krutz eta Usategietako ibilbideen seinalizazio geziak.
Homologatutako ibilbideak, Nafarroako Mendi Federazioak onartutako ibilbide seguruak dira, estatu guztian zehar erabiltzen den seinaleztapen berdina erabiltzen dutenak. Joan den urtean, Udalak, herrian lehendik homologatuta zeuden, baina mantentzen ez ziren 7 ibilbideak birhomologatzeko apustua egin zuen eta geroztik, bakoitzaren txosten teknikoak egin dira Mendi Federazioarekin lankidetzan, ibilbideen seinalizazio horizontala edo margotzea egin zen auzolanean, 2026-ko otsailean, ibilbideen panel berriak jarri dira herri sarreran, Lizaietan eta usategi inguruan eta azken pausu bezala, seinaleztapen geziak ere jarri dira. Ibilbideak margotzen ikasteko, herriko 16 bolondresek ikastaroa egin zuten eta auzolanean aritu ziren ibilbideak seinaleztatzen, honegatik, Udalak, egindako lana eskertzen die. Beraz, Mendi Federazioko ikuskaria pasatzerakoan, prest izanen dira aipaturiko bi ibilbideak.
Bigarren fasea ere martxan da, falta diren bertze 5 ibilbideak birhomologatzeko (Karmen, Infernuko errota, Azkua, Orenbenta-Atxuria eta Zentinelako Megalitoak). Izan ere, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak txostenei oneritzia eman bezain laister hasiko dira hau seinaleztatzeko lanak ere eta udazken aldera, ibilbide guztiak eginak izatea espero da.



