Kultura

Herriko bestak – Andre Mari Bestak

Etxalarko herriko bestak abuztuaren 14 eta 18a bitartean ospatzen dira. Herritar eta bisitarientzat hagitz atseginak diren egun hauetan, ekitaldi desberdinak izaten dira bortz egunetan zehar. Urte gehienetan herriko bestek segidako banaketa izaten dute:

  • Abuztuak 14 – Besten bezpera eguna.
  • Abuztuak 15 – Andra Mari eguna.
  • Abuztuak 16 – Haur eta gazteen eguna.
  • Abuztuak 17 – Zehaztu gabe.
  • Abuztuak 18 – Asau eta jubilatuen eguna.

Bestetako ekitaldi aipagarrienak, azken urteetan antolatu direnak, eta tradizio bihurtu direnak hauek dira: Herri afaria bezperan, herriko dantzarien emanaldia, herri kirol saioak, haurrentzako jolasak, Mus txapelketa,  pilota partidak, dantzaldiak egunero, jubilatuen bazkaria eta asaua ermitan.

Etxalarko bestak 2024

Garai bateko bestak

Bestetako historiari gainbegiratu bat emanda, garai batean gaur egun burutzen ez diren ekitaldiak izaten ziren herriko bestetan, tartean betizuak herriko enparantzan, antzaren lasterketak, txirrindularien lasterketak edota zaldi lasterketak. Badira ere gaur egun oraindik ere burutzen direnak; herri kirolak, pilota, dantzaldia, eta abar.

Besten inguruko bitxikeriak:

Jarrain Etxalarko bestetan izandako hainbat gertakari bitxi biltzen dira. Denak XX. Mendekoak dira.

  • Plazan dantzatzen zen jendea normalki. Euria egiten zuenean, berriz, kuartelaren arkupean, egungo kultur etxe azpian.
  • Sokatira desafioa: Herritarrak baserritarren kontra.
  • Andremaritarako alkatearen bandoa. Portaera ona espero zuen jendearengatik, ez zitezela izan zigortzeko egunak, moraltasun eta ohitura onen kontrako jokaerengatik.
  • 1947-1948. Herriko bestetan, goizeko ordu 1etik 7ak arte, inolako soinurik ez zela onartuko adierazten zuen bandoa eman zuten.
  • Herriko bestak bortz egunez luzatu zituzten eta gastuetarako diru bilketa egin zen. Ostatuek, herriko “amerikanuek” eta bertze herritarrek egin zuten ekarpena.
  • Mutil eta neska dantzari taldeak prestatu ziren, herriko bestetarako, Juan Antonio Arburuaren zuzendaripean
  • Gazte batzordearen esku izan zen bestak prestatzea, Udalbatzak dirua emanda.

Auzoetako bestak

Herriko bestetatik kanpo, Etxalarko auzo batzuetan beraien besta propioa ospatzen dute. Lehen auzo gehiagotan antolatzen bazen ere, gaur egun auzo gutxi batzuk bakarrik jarraitzen dute. Segidan ospatzen duten auzoak:

URRITZOKIETA:

Eguna: Santa Krutz egunaren arabera, buruilaren 14a, aintzineko asteburuan edo ondorengoan.

Besta eguna meza batekin asten da Santa Krutz-eko ermitan. Honen ondotik bazkaria, auzoko Sainduneko zubi ondoan izaten da. Arratsalde partean, mus partidak eta musika izaten dira.

LURRIZTIEDERRA:

Eguna: Maiatzako lehenengo igandean.

Garai batean emakumeak ez zuten ospakizunean parte hartzen. Lehen ospakizun hau Goienetxegaraiko bordan ospatzen zen, gaur egun berriz Agerbereko bordan ospatzen da. Auzo honetan, besta auzoko jendearen arteko bazkari batean oinarritzen da eta honen bazkalondoa.

Inauteriak

ORTZEGUN GIZEN:

Etxalarko inauteriei herriko haurrek ematen diete hasiera ortzegun gizen egunarekin. Egun honen goizeko partean, haurrak etxez etxe eta baserriz baserri ibiltzen dira eskian, baserritarrez jantzita. Hauetan gozokiak, fruta, arrautzak eta bertzelakoak jasotzen dituzte ortzegun gizeneko abestia kantatu ondoren.

Arratsalde partean, Landagain eskolako haurrek, antzerki lanak antzezten dituzte herriko trikitilari gazteak lagunduta herriari bira emanez leku konkretuetan geldituz antzezteko, kasu gehienetan, edo abestu edo dantzatzeko. Antzerki hauek, ortzegun gizen egunean ongi atera daitezen, aste batzuetako lana dute aitzinetik. Antzerkiak antzeztearen ohitura, aspalditik datorren gauza da Etxalarren.

Antzerkien ondotik haurrentzako berendua eta animazioa izaten da herriko plazan.

IGANDEA – KINTOEN BESTA:

Urte batzuetatik hona, indartu egin da ospakizun hau. Duela urte batzuk, kinto batzuk bertzerik ez zuten ospatzen  egun hau Etxalarren.

Gaur egun, herriko generazio desberdinak bakoitzak bere kintoekin (urte berdinean jaiotakoekin), bazkari bat eta ondoko parrandarekin ospatzen dute egun hau. Egun ederra izaten da hau, kanpoan bizi diren bizilagunak bertan bizi direnekin elkartzeko aukera izaten baitute.

INAUTERIETAKO ASTELEHENA:

Inauteritako astelehenean, herriko gazteak bi taldeetan banatuta eta mozorrotuta edo  baserritarrez jantzita, baserrien auzoetatik ibiltzen dira eskian trikitixa eta akordeoiaz lagunduta. Hauek, ortzegun gizen egunean bezala, dirua batez ere eta arrautzak, fruta eta bertzelakoak lortzeko, ortzegun gizeneko kanta berdina abesten dute.

Egunean zehar, hiru otordu egiten dira egun honekin: Goizean denak biltzen dira gosaltzeko, bazkaltzeko tenorean talde batekoak Armitx baserrian bazkaltzen dute eta bertze taldekoak berriz Usazaleen txabolan. Arratsaldean eskeak jarraitzen du.

Gero gau partean, herriko jatetxe batean afaltzeko biltzen dira eta honen ostean musika izaten da, egunari bukaera alaitsu bat emateko.

INAUTERIETAKO ASTEARTEA:

Inauterietako asteartea mozorroen eguna da. Goiz partean mozorro eta karrozen erakustaldia egiten da herriari bira emanez, trikitixa eta akordeoiak giroa alaituz. Urte batzuetan leku konkretuetan parodia batzuk antzezten dira.

Eguerdian otorduak izaten dira, tartean bazkari herrikoi bat herriko jatetxe batean. Honen ostean musika, animazioa edo ekitaldiren bat antolatzen da eguna bukatu arte.

Bertze ospakizunak urtean zehar

ARTISAU ETA GASNA FERIA:

Ospakizun hau urtetik urtera indarra hartzen joan da herriko ospakizun tradizionala bihurtu arte. Hau ekainaren lehen igandean ospatzen da eta segidako garapena izaten du egun honek; Goiz partean, herriko frontoian, gasna lehiaketa eta artisau erakusketa burutzen dira. Aldi berean eguerdi partean animazio ekitaldi desberdinak antolatzen dira; erakusketak, kontzertuak… Egun honetan herriko elkarte zein partikularrek euren erakusketak antolatzen dituzte ere, eskulanak eta baserriko tresneriena nagusiki.

Behin gasna lehiaketako irabazleak jakinda, herri bazkari jendetsu bat ospatzen da leku berean musikaz girotua.

Arratsaldean ekitaldi kultural desberdinak antolatzen dira egun honekin, aldatuz urtetik urtera.

HAURRAREN EGUNA:

Hasiera batean ospakizun hau bakarrik ikasturtea bukatu eta ondorengo igandean ospatzen zen. Gaur egun ospakizunak ortziraletik hasten dira.

Ortziralean Landagain eskolako haurrek urteetan zehar egin dituzten lan erakusketa izaten da eta ondotik ekitalditxo batzuk.

Igandean bertzetik, egitaraua zabalagoa da. Goiz partean Landagain eskolako erakusketa aukera dago berriz ere. Eguerdi partean frontoian ipuin lehiaketako sari banaketa izaten da eta ondotik haur guztien bazkaria.

Bazkal ondoren animazio ekitaldiak izaten dituzte haurrek, desberdinak urtero.

SAN JUAN SUA:

Ekainaren 23an, gauean. Urteren podorez ospakizun honen kokapena aldatuz joan da. Garai batean sua herriaren kanpoaldean pizten zen honen neurriak haundiak izaten baitziren aitzineko asteetan haurrek bildutako papera eta kartoiengatik.

Gaur egun ospakizuna herriko plazan burutzen da eta eraldatuta dago garai batekoarekin alderatuz. Besta  berendu-afari batekin hasten da frontoian (Bertara norberak nahi duena eramaten du) eta honen ondotik, aspaldiko ohitura den bezala, kalejira egiten da herrian zehar joareak edo antzekoak astinduz. Behin itzulia bukatuta suak pizten dira herriko plazan haur, gazte eta helduak hauen gainetik sato egiteko. Su piztea herriko txistulariekin egiten da.

USATEGIETAKO IGANDEA:

Ospakizun hau herrian ospatzen den zaharrenetakoa da eta urriko hirugarren igandean ospatzen da. Urte batzuetan egun honen bezperan bertzelako ekitaldiak antolatu izan dira, kontzertuak, festibalak.. Gaur egun zerbait antolatzen da baina xumeagoa.

Egun honen goiz partean jendea Usategietara igotzen da bertako aitzinako ehiza sistema berezia ikustera eta bidenabar eguraldiak laguntzen badu usoak sarez harrapatzen ikustera ere.

Arratsaldez bestak herrian jarraitzen du. Berbena bat izaten da arrats partera arte eta taloak jan eta zerbait edateko postu bat izaten da.

OLENTZERO:

Egun hau, haurrentzat bereziki, egun berezia eta polita izaten da, Olentzero baitdator etxeetara opariak banatzera!

Arratsalde partean plazan denak elkartuz hasten da ospakizun hau. Abenduaren 24an, ohitura den bezala, kalejira egiten dute herriko bizilagunek baserritarrez jantzita Olentzerorekin  herrian zehar, txistulari eta trikitilariek lagunduta. Ibilbidean zehar zenbait geldialdi egiten dira Olentzero kantatzeko. Itzulia bukatu, Olentzero mezara eramaten da bertan kantatzeko.

Honen ondotik Olentzero plazara eramaten da eta azkenekoz kantatzen zaio. Ospakizuna bukatzeko berendua eskaintzen da eta herriko musikariek kontzertua eskaintzen dute.

ELA-ELA:

Urtearen azken egunean, urte zahar egunean, goiz goizetik, herriko haur eta gazteak etxez etxe eta baserriz baserri eskean ibiltzen dira Ela-Ela abestia kantatuz urtatxa biltzeko (Goxokiak, fruta, galletak, dirua, etab). Ohitura den bezala eskean bakarrik goizean ibiltzen dira eta baserritarrez jantzita egoten dira haurrak. Aspaldiko ohitura da herrian eta haurrek aunitz gozatzen dute egun honekin.

Herriko elkarteak

altxata

ALTXATA KIROL-KULTUR ELKartea

altxata

Etxalarko kultur eta kirol esparruan lanean dabilen elkarte honek, honako ekitaldiak antolatzen ditu urtean zehar: Inauteriak, Mendi itzulia, Gasna eta artisau azoka, Usategietako igandea, Herriko dantza taldearen emanaldiak eta pilota txapelketak.

Eskola Zaharra
Andutzeta auzoa, 12
31760 ETXALAR

ANDRA MARI ELKARTEA

1979ko urtean sortu zuten herriko emakume talde batek. Hasiera batean herriko gazteei euskal dantzak irakasten hasi ziren. Bere ibilbidean zehar ikastaroak antolatzea izan da bere zeregin nagusietako bat. Antolatu dituzten ikastaroetako batzuk hauek izan dira: Sukaldaritza, eskulanak, errestaurazioa, inaustea eta frutikultura eta heldu eta gazteentzako gimnasia. Gaur egun euren jarduna eskulan ikastaroetan oinarritzen da. Egindako lan guztiak Gasna eta Artisau feria egunean aurkezten dira.

Eskola Zaharra
Andutzeta auzoa, 12
31760 ETXALAR

Etxalarko Trikitixa Taldea herriko haur eta gazteek osatzen dute. Bertako partaideak dira hainbatetan Euskal Herriko txapeldunak izan diren Elizagoyen ahizpak, Irune era Itsaso. Talde honek garrantzi handia du herriko bizitza kulturalean. Urtean zehar, hauek ere ekitaldi mordoetan parte hartzen dute; Inauterietako kalejira eta eskeetan, Gasna eta artisau ferian, Herriko bestetako kalejira eta emanaldian, Gazte egunean eta Olentzero egunean.

ETXALARKO TRIKITILARIAK

altxata

ANDRA MARI DANTZA TALDEA

Herriko haur, gazte eta helduak osatzen dute Etxalarko  dantzarien taldea. Talde honek bere emanaldiak herriko egun esanguratsuetan burutzen dituzte; herriko bestak, gasna feria egunean eta usategietako tradizioaren besta egunean  bertzeen artean.

LARRABURUA JUBILATUEN ELK.

Elkarte honek jardun desberdinak burutzen ditu urtean zehar. Hauexek dira elkarte honek burutzen dituen ekintza nagusiak: Sukaldaritza ikastaroa, ateraldiak, otorduak egun berezietan (inauterietan, bestetan, usategietako igandean), Kantu saioak, hitzaldiak, gimnasia eta podologo zerbitzua.

Larraburua Etxea
Beolaldea auzoa,  2
31760 ETXALAR

Etxalarko txistularien taldea, herrian dagoen talde zaharrenetako bat da. Pello Apezetxea herriko apaizak  sortu zuen eta herriko neska eta mutiko aunitz izan dira bere laguntzarekin txistua jotzen ikasi dutenak, baita danborra ere. Gaur egun herrian urtean zehar antolatzen diren ekitaldi nagusietan parte hartzen dute. Hauen artean; Gasna eta artisau feriako dantza emanaldian, Herriko bestetan dantza saioan eta goizeko kalejiretan, San Juan Sua egunean eta Olentzero egunean bertzeen artean.

ETXALARKO TXistulariak

altxata

ETXALARKO GAZTIK

Talde hau 2009. urte bukaeran sortu zuten. Honek, bere “Gazte eguna” antolatzeaz gain, beti urriaren 2. larunbatean, ekitaldi eta ekimen desberdinak burutzen dituzte urtean zehar; Tailerrak, hitzaldiak, proiekzioak… Herriko bestetan txozna jartzen dute eta gabonetan postua jartzen dute ere.

ZANPINGORRI TALDEA

Talde hau herriko gazteenetako bat da. Hala izanda ere bere jarduera ez da batere ttikia. Talde hau mendi ateraldiak ditu xede eta urtean zehar kopuru polita egiten dituzte. Hauen ateraldiak herriko eta eskualdeko mendietara izaten dira eta inguruko herrietan burutzen diren ospakizunetarako ateraldiak ere; Sunbillako inauteriak, Herri urrats, Baztandarren biltzarra…

Eskola Zaharra
Andutzeta auzoa, 12
31760 ETXALAR

Herrian dagoen elkarte zaharrena da. Bere izenak dioen bezala suteak gertatzen direnerako babesa eskaintzeko sortu zuten elkartea. Suterik ez bada, urteko batzarra ospatzen dute eta su-itzalgailuen errebisioa egiten da.

ETXALARKO SUTE ELKARTEA

altxata

LANDAGIAN ESKOLAKO GURASO ELK

Talde hau, Landagain eskola sortzearekin batera sortu zen. Honen eginkizun nagusia Landagain eskolan oinarritzen bada (liburuak erosi, eskolaz kanpoko aktibitateak…),  honetatik kanpo ekitaldiak ere antolatzen ditu; Ortzegun gizeneko berendua, Haurraren eguna eta Asau ttiki herrriko bestetan.

ETXALARKO USAZALEAK

Talde hau, Iarmendi mendian usoak harrapatzeko aitzinako ehiza sistema kudeatzen dutenak dira. Hauen zeregin nagusia, usoak ehiza sasoian  sareen bitartez ehizatu, tradizio hau mantendu eta ezagutzeko lanak egitea da. Lan hauek batez ere uda eta udazken partean burutzen dira. Aipagarriena hauen artean, azken hamarkadan ospatzen hasi den Etxalarko tradizioaren bestaren antolakuntzaz arduratzen dira. Aipatu beharrekoa ere gastronomia lehiaketa eta usategiak sakonki ezagutzeko bisita gidatuak.

Usategietako etxola

Talde hau aspaldikoa da Etxalarren. Elkarte honen zeregina, herrian dauden 3 ehiza barrutien kudeaketa da. Udaberri aldera urteko batzarra egiten dute.

USOA ELKARTEA

altxata

ETXALARKO NATURZALEAK

Herrian sorturiko azkeneko taldea da. Bere jarduna naturarekin erlazionatutakoa izaten da. Burutzen dituzten ekitaldiak batez ere mendi ateraldi pedagogikoak (txoriak, zuhaitzak…), hitzaldiak eta proiekzioak izaten dira.

Ikastaroak 2024-2025

Ikastaroak eman nahi dituzu Etxalarren?

Eskaintzen duzun ikastaroa, tailerra edo dena delakoa, Etxalarko herrian dagoen eskaintza osatzeko balio duela uste baduzu, eta hau antolatzeko gogoa baduzu, jarri harremanetan Etxalarko udaleko idazkaritzarekin eta behar dituzun argibide guztiak emanen dizkizute:

Idatzi edo deitu udalera

Ikastaroren batean parte hartu nahi duzu?

Interesatzen zaizun ikastaro eta ekitaldiren bat ikusi baduzu eta parte hartu nahi baduzu, jarri harremanetan segidako moduan:

Idatzi edo deitu kultura-etxera

Deitu Larraburua elkartera