Inauteriak

OSPAKIZUNAK

– Inauteriak

Ortzegun Gizen

Etxalarko inauteriei herriko haurrek ematen diete hasiera ortzegun gizen egunarekin. Egun honen goizeko partean, haurrak etxez etxe eta baserriz baserri ibiltzen dira eskian, baserritarrez jantzita. Hauetan gozokiak, fruta, arrautzak eta bertzelakoak jasotzen dituzte ortzegun gizeneko abestia kantatu ondoren. klik egin hemen kanta irakurri eta entzuteko

Arratsalde partean, Landagain eskolako haurrek, antzerki lanak antzezten dituzte herriko trikitilari gazteak lagunduta herriari bira emanez leku konkretuetan geldituz antzezteko, kasu gehienetan, edo abestu edo dantzatzeko. Antzerki hauek, ortzegun gizen egunean ongi atera daitezen, aste batzuetako lana dute aurretik. Antzerkiak antzeztearen ohitura, aspalditik datorren gauza da Etxalarren.

Antzerkien ondotik haurrentzako berendua eta animazioa izaten da herriko plazan.

Igandean, Kintoen bestak

Urte batzuetatik hona, indartu egin da ospakizun hau. Duela urte batzuk, kinto batzuk bertzerik ez ospatzen zuten egun hau Etxalarren.

Gaur egun, herriko generazio desberdinak bakoitzak bere kintoekin (urte berdinean jaiotakoekin), bazkari bat eta ondoko parrandarekin ospatzen dute egun hau. Egun ederra izaten da hau, kanpoan bizi diren bizilagunak bertan bizi direnekin elkartzeko aukera izaten baitute.


Inauterietako astelehena

Inauteritako astelehenean, herriko gazteak bi taldeetan banatuta eta mozorrotuta edo  baserritarrez jantzita, baserrien auzoetatik ibiltzen dira eskian trikitixa eta akordeoiaz lagunduta. Hauek, ortzegun egunean bezala, dirua batez ere eta arrautzak, fruta eta bertzelakoak lortzeko, ortzegun gizeneko kanta berdina abesten dute.

Egunean zehar, hiru otordu egiten dira egun honekin: Goizen denak gosaltzeko biltzen dira, bazkaltzeko tenorean talde batekoak Armitx baserrian bazkaltzen dute eta bertze taldea berriz Usazaleen txabolan. Arratsaldean eskiak jarraitzen du.

Gero gau partean, herriko jatetxe batean afaltzeko biltzen dira eta honen ostean musika izaten da, egunari bukaera alaitsu bat emateko.


Inauterietako asteartea

Inauterietako asteartea mozorroen eguna da. Goiz partean mozorro eta karrozen erakustaldia egiten da herriari bira emanez, trikitixa eta akordeoiak giroa alaituz. Urte batzuetan leku konkretuetan parodia batzuk antzezten dira.

Eguerdian otorduak izaten dira, tartean bazkari herrikoi bat herriko jatetxe batean. Honen ostean musika, animazioa edo ekitaldiren bat antolatzen da eguna bukatu arte.