Oinezko ibilbideak

TURISMOA

– Oinezko ibilbideak

Naturan zehar ibiltzea bada zure zaletasuna, Etxalarko mendiak leku paregabea dira horretarako. Herriko lurraldean zehar, balizatutako ibilbideak daude zailtasun maila desberdinarekin, ederrak denak mendiaz eta naturaz gozatzeko.

Gizakiaren presentzia aurre-historiatik ezagutzen da eta etengabean eraldatu du bere ingurunea, basoa bereziki: hasieran, artaziak basoa bota zuen mendi larreak sortzeko; Erdi Arotik burdinolak hornitzeko eta aziendarako iralekuak zabaltzeko ustiatua izan zen. Baserriak, populamenduaren ardatza, nonahi agertzen dira sakabanatuak; hala ere, lurralde gehiena komunala da. Azkeneko hamarkadetan koniferen birlandaketa ugaldu bada ere, bertako zuhaitza (pagadia eta hariztia, bereziki) nagusitu da azkeneko urteotan.

Mendizaleak aukera anitza aurkituko du inguru honetan: Etxalar Pirineo Atlantiarren bukaeran aurkitzen da, Kantauritik gertu. Mendi txiki, baina desnibel bizikoak. Denetara 7 mendi ibilbide dira eta  MEKNFaren (Mendi Federakundea) arautegiaren arabera homologatuak izan dira.

Bertzetik, 2013tik hasita bi urtero, Etxalarko Mendi Itzulia ospatu da. Urte bakoitzean bi ibilbide antolatu dira, bat laburra eta bertze luzea. Ikusi hemen.

Azkenik aipatu ere, 2017an Karmen Etxalarko ibilbidea sortu zela. Oinezko paseo honek, Herritik bere ustezko jaiotetxerainoko ibilbidea egiten du eta bidean Karmen bizi zen garaiko informazio panelak daude orduko bizimoduan zein zen azalduz. Ikusi hemen.

Ibilbide hauek elkar gurutzatu eta konplimentatzen dira. Haiek oinarritzat hartuta, zerorrek zure ibilbidea osatzen ahal duzu. Gozatu eta, bereziki, ONGI IBILI!!!


HERRIKO ITZULIA; ARGARATA – SANTA KRUTZ ERMITA

Etxalarko herriaren inguruak ezagutzeko ibilbidea. Honek herria inguratzen duten  zenbait leku ezagutzeko aukera ematen du,  natura eta ondarea uztartuz.

Ezaugarriak: Luzera: 4.350km   Desnibela: 50m  Denbora: 1,5rdu.

Herriko plazatik abiatzen den ibilbide hau, herriak berak eta inguruan dauden ondare arkitektoniko, historikoak eta naturalak ezagutzeko aukera ematen du. Tartean goiko errota, Argaratako zubia, Sta Krutz ermita eta zubia, beheko errota eta gurutze bidea. Ibilbideak ez dauka zailtasun handirik eta familiarekin egiteko erosoak diren.

Deskargatzeko: Ibilbidearen deskribapena   Track-a

Oharra: Ez dago aulkitxo edo gurpildun aulkientzat egokitua.


“ZENTINELAKO MEGALITOAK” SL-NA-X

Ezaugarriak: Luzera: 5,300km    Desnibela: 150mt    Zailtasuna: Erraza    Denbora: 2 ordu

Ibilbide honekin Zentinela mendian sakabanatuak dauden historiaurreko artzainek egindako eraikuntzak ikusi daitezke; trikuharriak, harrespilak, zutarriak eta tumuluak. Zortzi zenbakiaren forma duen ibilbide honek Elordiko lepoan du hasiera eta bukaera. Bertara autoz ailegatzerik ez denez, oinez egin behar da bertara ailegatzeko. Horretarako bi aukera daude, bata Mariskineko bordatik abiatuta edo bertzea Urtsumiatsa gainetik. Bi lotura hauek pena merezi dute ere.

Deskargatzeko: Ibilbidearen deskribapena   Track-a


“INFERNUKO ERROTA” SL-NA 13

Ezaugarriak: Distantzia: 10,300km    Desnibela: 200mt    Zailtasuna: Baxua    Denbora: 3 ordu.

Ibilbide honek Etxalarko leku berezienetako batera eramaten du. Joan etorriko ibilbide hau Orizki gainean du hasiera eta bukaera, eta familia edo lagun artean egiteko aproposa da. Infernuko errota Etxalarko eta Baztango mugan kokaturiko errota bitxi bat da , errekaren gainean eraikia eta zenbait kondairen lekua bada ere. Karlista gudetan garrantzi handiko errota izan zen bere kokapen estrategikoarengatik eta inguruko baserrientzat bertze garaietan. Gaur egun errota,  erreka gora dagoen  Etxebertzeko borda jatetxekoak dira honen jabeak.

Deskargatzeko: Ibilbidearen deskribapena   Track-a


“AZKUA” PR-NA 12

Ezaugarriak: Luzera: 9,150km    Desnibela: 685mt    Zailtasuna: Erdikoa    Denbora: 3 ordu.

Etxalarko plazatik abiatzen den ibilbidea hau, Etxalarko mendirik altuenara eramaten du, Azkua mendira (787m). Ibilbidearen hasiera errepidez egiten bada ere, Larrapil Sarrikuko baserriak pasa ondotik mendiko bidea hasten da. Ibilbidearen hasiera eta bukaera dira honen zatirik gogorrenak. Ibilbidearen zati gehientsuenetan Etxalarko eta inguruetako ikuspegi ederrak daude eta ibilbidean aurrera egin ahala kisu labeak eta bertzelako ondarea topatu daiteke. Azkua mendi magalean iturri bat dago. Behin mendi tontorrean Bidasoaldeko, Euskal Herriko kostaldeko eta Goi Pirinioko ikuspegi aparta dago.

Deskargatzeko: Ibilbidearen deskribapena   Track-a


 “GR11-GR12″ LOTURA

Ezaugarriak: Luzera: 7,500km    Desnibela: 685    Zailtasuna: Erdikoa    Denbora: 3 ordu.

Ibilbide honek GR11 eta GR12 ibilbideen lotura egiten du. Bi zentzutan egin daiteke, bai Asketa mendi gainetik abiatuta (GR12) eta Lakaingo lepoan bukatuz (GR11), edo alderantziz Lakaingo lepotik abiatuta, Asketa mendiraino. Ibilbideak Etxalarko herria zeharkatzen du. Asketako norabidean, Azkuako mendirako igoera motza eta gogor xamarra da. Bertatik Baztan Bidasoa eskualdeko ikuspegi ederra dago.  Lakaingo leporako igoera berriz, zailtasun erdiko da. Hemendik ikuspegi berriz Etxalar eta Iparraldekoa da.

Deskargatzeko:  Ibilbidearen deskribapena 

Oharra: Ibilbide hau gaizki margotuta dago gidan. Testua zuzena da. Barkatu eragozpenak.


“USATEGIETA” SL-NA 2

Ezaugarriak: Luzera: 5,300km    Desnibela: 125mt    Zailtasuna: Baxua    Denbora: 2 ordu. 

Etxalar, zerbaitegatik ezaguna bada, bere usategiengatik da. Ibilbide honek, Erdi Arotik dokumentatua dagoen uso harrapaketa sistema honen funtzionamendua ezagutzeko aukera ematen du. Ehiza kontuetatik aparte Lapurdi, Etxalar eta Baztan aldeko ikuspegi ederrak eskaintzen ditu.  Ibilbide zirkularra da eta hasiera eta bukaera Lizaietako gainean du. OHARRA: Urrian eta azaroan , uso pasearen garaian, lepoz lepoko bidea itxita egoten da ehiza-tokia zeharkatzen baitu. Ibilbidea magaleko xendatik egin behar da, joan-etorria bide beretik eginez, Lakaingo lepoa eta Txorilepo arteko tartean.

Deskargatzeko: Ibilbidearen deskribapena    Track-a


“ORENBENTA-ATXURIA” PR-NA 15

Ezaugarriak: Luzera:10.800km    Desnibela: 550mt    Zailtasuna: Erdikoa    Denbora: 3 ordu

Etxalarko mendiak eta inguruak ezagutzeko ibilbide ederrenetako bat. Herriko plazatik abiatzen den ibilbide zirkular hau Argarata-Basate errekaren arroila inguratzen du bizkarrez bizkar. Ibilbide honek Usategietak ezagutzeko aukera ematen du (Oharra: Ehiza sasoian, Urria eta azaroan, tarte bat ixten da. Ikusi “Ustategieta” SL NA 2 ibilbidea) eta baita ere Atxuria mendira igotzekoa ere. Ibilbide honek ere, “Zentinelako Megalitoak” SL NA-X ibilbidearen lotura hartzeko aukera ematen du prehistoria aztarna megalitoak ikusteko.

Deskargatzeko: Ibilbidearen deskribapena   Track-a


ETXALARKO MENDI ITZULIAK

Altxata Kirol eta Kultur elkarteak 2013an hasi zen antolatzen eta bi urtero egiten dira.

Hauek oinez egiteko prestatu baziren ere, aproposak dira ere lasterka egiteko, norberaren maila fisikoak eusten badio.  Ibilbide guztiak oso ederrak dira, Etxalar, eta inguruetako ikuspegi ederrak ikusteko aukera ematen dute, aldi berean Etxalarko herrialdean sakabanaturik dagoen ondarea ezagutzeko ere; Ermita, kisu labeak, Infernuko errota, megalitoak, Usategiak…

 Edizio guztietako argazkiak

Etxalarko I mendi Itzulia (2013):

  • Laburra: 23,4km / 1290m desnibela. Deskargatu: GPX
  • Luzea: 34,2km / 1668m desnibela. Deskargatu: GPX

Etxalarko II mendi Itzulia (2015):

  • Laburra: 24,2km / 1510m desnibela. Deskargatu: GPX
  • Luzea: 28,2km / 1725m desnibela. Deskargatu: GPX

Etxalarko III mendi Itzulia (2017):

  • Laburra: 24,2km / 1200m desnibela. Deskargatu: GPX
  • Luzea: 30,36km / 1527m desnibela. Deskargatu: GPX

 Etxalarko IV mendi Itzulia (2019):

  • Laburra: 23km / 1290m desnibela. Deskargatu: GPX
  • Luzea: 34km / 1650m desnibela. Deskargatu: GPX