Gertakari historikoak

Ondare historikoa

– Gertakari historikoak

Azoka eta Merkatua

XIX. mende erdian, Etxalarko herriari, orduan Nafarroako komertzio, eraikuntza eta herri lanetako ministroa zenak, Baimen erreal bat (Permiso real) eman zion herrian urteroko azoka urtarrilaren 15, 16 eta 17an egiteko eta hilabete bakoitzeko 2. eta 4. asteko egun batean merkatua egiteko  baimena ere. Udalak, astelehena aukeratu zuen merkatuak egiteko eguna, eta honen berri Nafarroako gobernadoreak izan zuen. Udalak, merkatuaren funtzionamendua ona izan zedin, arau batzuk atera zituen:

  • Debekatua zegoen beheko enparantzan abereak uztea (Gaur egungo enparantza).
  • Merkatuko lehen egunean Jauregieta, Iñarreta, Artanaran, Sarriku, Orizki, Orainbeta eta Lakain auzoetako etxe bakoitzetik edozein eratako azienda bat eraman beharra zen.
  • Bigarrengoan berriz Andutzeta, Antsolokueta, Gorosurreta, Lurrizti eder (Burdinola aldera), Urritzokieta eta Larrapilkoek.
  • Denek ordu biak baino lehen, azienda eraman zutela egiaztatu beharra zuten.
  • Udan bortzetan eta neguan lauak arte egon beharra zen, bestela pezeta bateko isuna zeukaten.
  •  
Araudi honek, herritarrek ohitura hartu arte jarraitu zuen. Udalakoek ziotenez, herriaren hobe beharrez  ezarri zuten araudia. Etxalarko merkatuaz aparte, eskualdeko herrietan, Lesaka, Elizondo eta Donezteben, urteko azoka eta asteroko merkatua ospatzen ziren. .

Aipamen Historikoak

  • 1776. Etxalarko herrian urte honetan epidemia edo izurrite latz batek 591 abere buru hil zituen. Hauen ordez ahuntzak ekarri zituzten. Hauei hortzak moztu zizkieten arbolei kalte ez egiteko.
  • 1785. 27 lur eremu eman zitzaizkion dohainik Juan Mª Iturria-ri bere anaiak bidali zuen dirua konpentsatzeko. Anaia Indian zegoen misiolari bezala. Bidaltzen zuen dirua, elizarako organo berri bat erosteko erabili zen.
  • 1843. Iruña eta Endarlatsa arteko errepidearen eraikuntza.
  • 1849. Hiru edo lau otso lau-herri (Bertizarana) eta Etxalar arteko lurraldeetan.
  • 1851. Herriko errepidea eraiki zen burdinolatik herrira. Denetara 8 urte iraun zuten.
  • 1852. Herrian 445 bizilagun eta 1825 arima zeuden.Urte honetan bertan, Txirrimako teila eta adreilu fabrikako enkante publikoaren baldintzak atera ziren, tresnak eta txabola barne.
  • 1852an frontoiaren (Orduan “plaza del juego de la pelota”) egoera kaskarra ikusita, txerri eta itaxurren ondorio, konpontzea erabaki zen.
  • 1853an Ramon Iribarrenek, Lekunberri baserriko jabeak, berak zeukan kobre fabrika, presa eta terrenoekin truke egin nahi zuen udalarekin.
  • 1854. Mitxelarrenea (Udalatxea) eta Atxurdenea herriarenak zirenean, lehenbizikoan Maisuen logelak eta haurren eskola egoten zen eta bertzean berriz haurrentzako logelak.
  • 1855. Urte honetan hil ziren 62 pertsonatik, 29 koleraren erruz hil ziren.
  • 1876. Gerran hildako guztiak, zentinela mendiko bataila eremuan lurperatu zituzten otsailaren 18 eta 19an.
  • 1881. Herriko gaztainondoak eritu egin ziren.
  • 1885. Isastea eta Arrosea arteko pareta egin zen eta 966 pzta kosta zen.
  • 1890. Urte honetan hiltegia eta harakindegia egiteko akordiora ailegatu zen udala.
  • 1893. Eliza eta Arrosea arteko ibilbidea egin zen eta 4200 pzta kosta zen.
  • 1925. Añegiko tunela botatzeko akordiora ailegatu ziren 6000 pezetetako aurrekontuarekin.
  • 1949. Herriko kaleak eta enparantza zola berritu egin ziren.

Karlisten Aztarnak Etxalarren

Etxalarko Karlista  garaiko aztarnak, Atxuri mendian daude. Hauetako batzuk, Atxuria mendiak lepo txiki bat marrazten duen lekuan daude eta bertzeak berriz, hauetatik 150 – 200 metrotara. Leku hau,  inguru guztiko mugimenduak kontrolatzeko leku paregabea zen. Oraindik ere nabaritzen da bertaraino, Zugarramurdi aldetik, ailegatzen zen gurdi bidea. Aztarnak ikusita erran daiteke hiru edo lau eraikuntza zeudela, beraz jende mordoa egonen zen inguru haietan. Karlisten bigarrengo ofentsiban, Don Karlosen ejertzitoak atzera egin behar izan zuen baita ere inguruko mendietan. Gatazka honi, Atxuriko bataila bezala ezagutzen da.