Ondare naturala
– Ibai eta errekak
Etxalarko errekak
Etxalarko lurraldean tamaina eta luzera desberdinetako erreka aunitz daude sakabanatuak. Horien artean erreka nagusiena Tximista da. Honek Etxalarko erdigunea gurutzatzen du eta bertze erreka txikiagoen urak biltzen ditu honek. Horien artean nabarmenenak Artañeko erreka, Argaratako erreka eta Basatearango errekak dira.
Tximista erreka Arbozta eta Sarriku errekek osatzen dute eta izen honekin herriko lurralde gehientsuena zeharkatzen du Bidasoa ibaian urak isurtzen dituen arte.
Etxalarko errekak, amuarrain errekak dira eta arrantza libre denean hauetan arrantzatu daiteke nahiz eta hauen tarte batzuetan (Adibidez herriko erdigunean eta erreken hasieratan) debekatua egon.
Uretako animaliez aparte (Amurrainak, aingirak eta txipak batez ere), erreka bazterretan bizi diren edo errekatik bizi diren bertze animaliak ere ikusi daitezke tarteka. Hauen artean ezagunena martin txoria da.