Sarrera

ondare arkitektonikoa

– Errotak

ETXALARKO ERROTAK

Etxalarren urarekin erlazionatutako ondare arkitektoniko aunitz dago. Nabarmenetakoak, herriko lurraldean sakabanatuak dauden ur errotak dira eta denetara sei dira gaur egun. Errotak garai desberdinetakoak dira, zaharrenak XVIII. mendekokoak dira eta berrienak XX. mende erdialdekoak.

Hauen garrantzia Etxalarko herriaren historian zehar oso desberdina izan da. Zaharrenak, urteetan zehar, herriko bizitzaren zati garrantzitsu bat izan dira, herriko jendea baitzen hauen onuradun garrantzitsuena. Baziren bertze batzuk ere  garrantzitsuak zirenak, baina neurri apalago batean. Hauek jende kopurua txikiagori ematen zioten zerbitzua bai partikularra zirelako edo honen kokapena bereziarengatik.

– Erroten inguruko historia –

Dekretuaren abolizioa

Inteligentzi txarrez eta gutxi batzuen hobe beharrez ezarritako 1730ko dekretu hau ezeztatu zutenean, herriko jendeak askatasun osoa eduki zuen labe, ola edo bertzelako eraikinak egiteko, inongo baimenik eskatu gabe baina inori traba egin edo molestatu gabe. Kendutako dekretu honek, eskubide esklusiboak eta debekatzaileak ematen zizkion partzuergoko jendeari, eraikinak eta bertzelakoak egiterakoan. Dekretu hau bertze leku askotan ezeztatzea lortu zuten, Valentzian Granadan… Egun honetatik aitzinera, 1894ko azaroak 22, jendeak edozein errotara jo zezakeen bere aleak irintzera.

Erroten enkantea

Udaletxeak zituen bi erroten erdikak (Erdiko errota eta Goiko errota), enkantean jartzen ziren urtero. Enkantean jartzen zena, errotak gari aletan eta artotan ematen zuen urte bateko uzta zen. Enkantea urtero egiten baldin bazen ere, urte batzuetan norbaitek errota hartzea asko kostatzen zen. Kasu batzuetan errotaren errenta jaitsi behar izan zuten norbaitek errota hartzeko. Errotak, enkantean jartzeko, bere baldintzak zituen. Hauek, urtetik urteroko bizitzaren eboluzioarekin batera, aldatuz joan ziren. Jarraian 1855. urteko errotak errenta hartzeko kondizioak:

  1. Urte bateko errenta 510 pesokoa. Ubideen garbiketa eta zainketa gastuak udalaren kargu.
  2. Errotaren ematea inbentariopean eta honen itzulera urtea betetzerakoan.
  3. Udaletxeak ordaintzen du errota harrien eraketa eta konponketa, kateak, aldabetako barrak eta errotako bertzelako materiala.
  4. Errentatzailearen kargu harpikoak zorroztea, bi errotetan ubideen sarrera garbia egotea eta udalari ordaindu eta honek errotariari hauen soldaten erdia. (Errentatzaileak ezin zuten errotaria bidali bertze bat hartu gabe.)
  5. Errentatzaileak almute bateko tasa kobratuko dute irintze saio bakoitzagatik.
  1. Errentatzaileak bi errotak ongi mantentzearen bete beharra du, bertako eta inguruko gauzekin batera; presa, ubidea, tresnak, eta abar. (Zerbait hondatuko balitz peritu bateri deitu beharko zuten tasazioa egiteko).
  2. Udalak bi errotetan inspekzioak noiz nahi egiteko aukera du.
  3. Errotara joaten den jendeak, garia garbia eta ongi zatitutakoa eraman behar du ogi zuria egin ahal izateko. Garia zikina etorriko balitz harrien garbiketa errotariak egingo luketen baina ordainketa herritarraren kargu izanen da. Hau ez balitz nahikoa ogi zuria lortzeko, eta harrien akatsa balitz, udaletxeak eta Gaztelu artean harri berriak jarriko zituzketen.
  4. Errota ematerakoan, 12 pesoen, seitik bat onartuko dira, eta honen gain egingo da enkante berria (sexta emateko aukera).
  5. Errentatzaileari exijituko zaio fidatzailea izatea mankomunitateko betebeharrekin.
  6. Hobekuntza bakoitzagatik peso bat ulertuko da.

Erroten salmenta

1847ko abenduaren 21ean, herriko hogei pertsonatako talde batek, bi errotak (goiko eta behekoa) erosteko eskaera egin zuen. Eskaera honetan 6750 “pesos fuertes” eskaini zituzten. Hamabost egun beranduago, Salamankako dekretu batengatik eta taldekide batzuk atzera egin zutelako, ez ziren erroten bi zatiak erosi. 1857ko azaroaren 1ean, Fdo. Iribarrenek udalaren erroten bi zatiak erosteko eskaera egin zuen. Honetan aipatzen zuen Gazteluren bi erdikak erosi nahi zituela ere. Udaletxeak ezezko erantzuna eman zion bere zatiak saltzeko aferan eta Gazteluko erdikak berriz, beraiekin zuzenean hitz egiteko erran zion. 1866. urtean, udaletxeak erroten bere zatiak saldu egin zituen, goiko errotaren erdika herriko bazkide talde bateri eta erdiko errotarena berriz herriko bertze bazkide talde bateri. Ordutik udaletxeak ez zuen ezer ikustekorik izan erroten aferetan.