Berriak

Bookcrossing bezala ezagutzen den liburu-trukea, mundu mailako mugimendu bat da eta leku publikoetan liburuak trukatzean datza. Nahi duenak, liburu bat uzten du, hortarako prestatutako munduko edozein liburutegi, kultur etxe, parke, kafetegi, autobus geltoki edo plazetan dauden apaletan eta han dagoen bertze bat hartu dezake trukean. Aldi berean, utzitako liburua, bertze batek aurkitu eta irakurtzen duenean, munduko bertze lekuren batean “liberatu” dezake.

Nahi duenak, utzitako liburua digitalki erregistratu dezake, https://www.bookcrossing.es/ bezalako webgune ofizialetan, identifikazio kode bat lortzeko eta honela, hurrengo hartzen duenak kode hori web orrian sartzen badu, liburuaren segimendua egin daiteke, liburuak nondik “bidaiatzen” duen jakiteko.

Gero eta hiri eta herri gehiagotan ikusten dira honelako apalak eta orain Etxalarrera ere ailegatu da, irakurzaletasuna bultzatzeko ekimen hau.

Ideia, Etxalarko Udalaren eskutik etorri da eta hasteko, etxetxo formako apal bat jarri da Kultur etxeko estalpean, irakurle bila dauden dozenaka libururekin eta herritarrak animatzen ditu, ekimen honetan parte hartzera, beraien liburuekin trukatuz. Aldi berean, apalak eta liburuak errespetuz erabiltzea eskatzen da.

Liburu trukea Etxalar