Etxalarko Udalak eta Etxalarko Usazaleen Elkarteak berriki sinatu dute lankidetza-hitzarmena Lizarietako interpretazio zentroaren kudeaketaren inguruan; hori dela eta, zentroa laster irekiko da, Etxalarko Usazaleen Elkartearen eskutik.
Aste Santuan (2026ko apirilaren 2tik 6ra) egunero izanen da zentroa bisitatzeko aukera, 10:00etatik 13:00etara, eta handik aitzinerat, berriz, aste hondarretan.
Joan den abenduko inagurazio-ekitaldian ezagutu ahal izan zenez, Lizarietako jardueren berri emanen da bertan, lau buruz osatutako agertokian: Natura, Kultura, Hegaztiak eta Usategieta. Ikusentzunezkoen, argazkien eta bertzelakoen bidez horiek hobe ezagutzeko aukera eskaintzen da.
Horretaz gain, inguruan ekoiztutako produktuak eta herriko oroigarriak erosi ahal izanen dira bertan.
Interpretazio zentroko sarrera dohakoa izanen da; horregatik animatu nahi ditugu herritarrak zein bisitariak, Lizarietako parajeaz gozatu bidenabar, gune berri hori bisitatzera joateko aukera paregabea izanen dutelako.
Nahiz oraindik ordutegirik ez den zehaztu, bisita-gidatuak eskainiko dira ere, aitzinetik erreserba eginez.
Urtean zehar hainbat jarduera antolatzea aurreikusten da, Lizarietako lepoa animatzeko helburuarekin.
Etxalartik bezala, Sara eta Bera aldetik jende andana bertaratzen baita ere, Etxalarko Usazaleen Elkarteak bere ekarpena egin nahi du elkargune horrek merezi duen eskaintza osatzeko.



