Natura

Lizarietako lepoak Bidasoara eta La Nivellera doazen urak banatzen ditu. Klima epela eta oso hezea da. Paisaia haritz eta pago basoek, gaztainondoek, ibarbasoak, larreek, errekek eta zohikaztegiek markatzen dute, eta animalia basati eta etxekotu ugari daude.

INGURUMENA

Etxalar izenaren erranahi zabalduenaren arabera, “etxeko larrea” da, euskarazko “etxe” eta “larre” hitzek osatua, “etxe” hitza “etxa” bihurtzen baita bertze hitz batekin elkarturik doanean. Mendez mende, larre herria izan da, baina urteak joan, urteak etorri, gero eta azienda gutxiago dago eta, ondorioz, gero eta larre edo belategi gutxiago, eta oihanak aunitz zabaldu dira.

PAISAIA MOTA AUNITZ ETA IKUSGARRIAK

Mendi bazterrak ederrak eta oparoak dira, paisaia mota aunitz baitaude: baserriz zipriztindutako belategiak, konifera sail landatuak eta Bertizko Natura Parkeraino iristen diren oihan handi-handiak.

Noranahi begiratzen duzula ere, ezin ederragoa da natur ingurunea. Etxalarko mendiak hagitz garaiak ez badira ere, ikuspegiak ikusgarriak dira zinez. Herriko mendi gorena Azkua da (768 m), lurraldearen hegoaldean kokatua. Ekialdean, berriz, Arxuria dago (759 m) eta, hantxe, Nafarroako zohikaztegirik handiena, eta Zentinela mendia, megalitoz betea. Mendebaldera, Aiako Harriak ikusiko ditugu; iparraldean, Labeaga edo Ibanteli kaskoa (698 m) eta, itsasotik hurbil, Larrun mendia (905 m).

Geologiari begira, inguruan badira arbel (Karboniferoa) eta eskisto (Deboniarra) azaleratzeak, hau da, Mazizo Paleozoikoko material bereizgarriak (230-600 milioi urte).

KLIMA

Lizarietako lepoak Bidasora (Nafarroa-Gipuzkoa) eta Urdazurira (Lapurdi, Akitania Berria) doazen urak bereizten ditu. Atlantikotik hurbil dagoenez, klima hagitz hezea eta epela da. Mendebaldeko haizeak dira nagusi, baina udazkenean eta neguan hego-haizeak ere jotzen du, zakar eta beroa. Jendeak “haizeroa” erraten dio (eroen haizea), halako egun haizetsuetan kriminalitateak goiti egiten omen duelakoz. Lehenago, hego-haizeak jotzen zuelarik, zigor-kodeen arabera, delitua ez zen zigortzen.

OIHANAK ETA HAIEN BEREZITASUNAK

Etxalarko oihan nagusiak hariztia (500 metroko altueraraino) eta pagadia (500 m-tik goiti) dira eta, ondotik, gaztainadiak eta erreka bazterreko basoa.

Oihanen azalera handitu eta murriztu da mendez mende, giza beharren arabera. Inguru honetan, haritz eta pago zaharrenak lepatzen ziren (zuhaitz motzak edo kapetatuak), hau da, zuhaitz-adarrak 3 bat metrora mozten edo kapetatzen ziren, 12-15 urtetik behin, egur-ikatza egiteko, itsasontzietarako piezak egiteko eta artzaintza ahalbidetzeko. Gaztainondoak fruta-arbola gisa landatzen ziren.

Gaur egun, baserritarrek aunitz maite dute lizarra eta kapetatzen dute, zura hagitz ona baita, eta hostoak arrunt onak, aziendari emateko.

ANIMALIA ESPEZIE INTERESGARRIAK

Hemengo oihanetan, larreetan eta ibai eta erreketan, animalia espezie aunitz bizi dira. Horrela, oihan hostotsu, goroldio eta likenen artean, lepazuriak, lepahoriak, ipurtats europarrak, azeriak, basurdeak, okilak eta saguzarrak dabiltza. Bereziki aipatu beharra dago muturluze piriniotarra, ur garbi-garbiko erreketan bizi den espezie mehatxatua baita; edo igaraba, Tximistako errekan bizi dena. Zur hila intsektu saproxilikoen habitatik gogokoena da (hau da, zur hila jaten dute), bai eta mehatxupean diren kakalardo batzuek gogoko duten habitata ere. Hauek dira: kakalardo eremita (Osmoderma eremita), kakalardo adarduna (Lucanus cervus), Alpetar kakalardo adarluzea (Rosalia alpina) eta kaprikornio handia (Cerambyx cerdo).

Mendiko belategi edo larre aunitz intereseko habitatak dira, Europako Habitatei buruzko zuzentarauaren arabera, eta haietan behiak eta pottokak (bertako zaldi arraza) alhatzen edo bazkatzen dira, txilar, zuhaixka eta landare belarkaren artean. Ardiak, berriz, etxe eta baserrien inguruko belategi berdeetan alhatzen dira (bertako ardi arraza da. Nafarroan Latxa, eta Lapurdin, manex).

Harrapari ohikoenen artean, bertzeak bertze, sai zuriak, saiarreak, belatzak, miruak eta beleak daude.

ZOHIKAZTEGIAK

Bazenekien lurralde honetako altxorrik handienetako bat Arxuriko zohikaztegia dela? Nafarroako handiena da azaleraz. Zohikaztegietako lurrak beti egoten dira urez beteak eta hotzak; ur azidoak dira, mantenugai gutxikoak eta, horren eraginez, lurrera iristen den materia organikoa ez da usteltzen. Material hori guztia kontserbatzen da eta balio handiko informazioa ematen digu duela 5.000 urte ingurutik honat lurralde honetan izan den landaretzaz, klimaz eta paisaiaz. Baldintza berezi horiek egokiak dira intereseko espezie batzuendako: haien artean daude tximeletak (Argynnis adipe), burruntziak edo infernuko errexina (Aeshna cynea) eta “euli-harrapatzailea” (Drosera intermedia), hau da, bere hostoei itsatsirik gelditzen diren intsektuak jaten dituen landare haragijalea. Halaber, zohikaztegiko goroldioak (Sphagnum papillosum), txilar lauhostoa (Erica tetralix) eta kotoi-belarra (Eriophorum angustifolium) dira nabarmentzekoak.

BAZKALEKUAK

Ingurune irekietan bazkalekuak daude, hau da, Neolitotik iraulitako oihan zaharrak aziendarendako alhapideak handitzeko. Hor badira hainbat bazkaleku mota: ebakitzen diren belategiak (jendea bizi den tokietatik hurbil), txilardiak, otadiak eta mendiko larreak. Halaber, ugaria da iralekua. Iratzea betidanik aziendaren azpietarako bildu eta meta izeneko multzo konikoetan pilatua gordetzen zen.

Azken urteotan, azienda eta nekazaritza erabilerek beheiti egin dute eta, ondorioz, oihanak zabaldu dira belategien kaltetan.