Migrazioa

Lizarietako portua, Etxalar eta Sara arteko mugan, aparteko tokia da. Han gure kultura komuna, hegazti migratzaileen behaketa zientifikoa eta usoen sare bidezko ehizaren antzinako tradizioa elkarrekin bizi dira.

GURE BAZTERRAK, PASABIDE

Lizarietako gainean zaude, Etxalar eta Sara arteko mugan, 441 metroko garaieran. Bertze inon ez da horrelako lekurik, hemen agerian baitago kultura berdina dugula bi aldeetan, eta agerian ere, hegazti migratzaileen behaketa zientifikoa eta usoak sare bidez harrapatzeko tradizio zahar-zaharra.

BADAKIZU ZER DEN MIGRAZIOA?

Migrazioa ez da mugimendu hutsa, aunitzez ere gehiago baita. Hegazti espezie aunitzek egiten duten bidaia da kumeak hazten dituzten lekutik (iparraldean) negua pasatzeko tokira (hegoaldea) joateko.
Hegaztiek pasabide gisakoak dituzte urtean bi aldiz migrazioa egiteko: udazkenean (agorriletik azarora) eta udaberrian (martxotik maiatzera).
Ibilbide luzea egiten duten hegazti migratzaileak gauez joaten dira hegan, eta gauza dira Mediterraneoa edota Saharako basamortua egun bakarrean gurutzatzeko. Ibilbide laburreko hegazti migratzaileek, berriz, 100 eta 1.000 kilometro artean eta gehiago ere egiten dute hegan egunean; haien artean daude usoak, karnabak eta txantxangorriak.

ZERGATIK MIGRATZEN DUTE HEGAZTIEK?

Migrazioa egiteko arrazoi nagusia ez da eguraldi txarra, aunitzetan uste den bezala, elikagai gutxi izatea baizik. Izan ere, janaria faltako zaiela sumatzen dutelarik, hegaztiek migrazioa hasten dute.
Azken urteotan, dena den, klima-aldaketak eta giza jarduerak aldaketak eragin dituzte hegaztien migrazioan. Neguak gero eta laburragoak eta goxoagoak direnez, ibilbide luzeko hegaztiak lehenago joaten dira hegoalderat; ibilbide laburreko hegaztiek, berriz, atzeratzen dute (haien artean pagausoa dago). Are gehiago, espezie batzuk beren ugalketa lekuetan ere gelditzen dira, orain elikagaia badutelakoz.

NOLA MIGRATZEN DUTE?

Hegazti migratzaileek ederki dakite zer une zehatzetan migratu behar duten, barneko erloju biologikoari esker. Berez dakite hori, sortzen diren une beretik, hau da, ez dute bizitzan ikasten, zenbait espeziek neurri batean hori ikasten badute ere.
Hori ez da orientatzeko modu bakarra. Gauez migratzen dutenek ilargia eta izarrak dituzte gidari. Egun argiz doazenek, berriz, eguzkiaren kokapenari begiratzen diote. Badakigu, halaber, Lurraren magnetismoak orientatzen laguntzen diela.
Negua pasatzeko lekura hurbiltzean, beren oroimen bisual handiari esker ezagutzen dute lurraldea.

HEGAZTIEN BEHAKETA

Mundua mundu denetik, gizakiek hegaztiak eta haien migrazio-mugimenduak behatu dituzte. Urteak joan, urteak etorri, gero eta metodologia sofistikatuagoak erabili dira behaketa lana egiteko, hau da, eraztunak paratzea, radarrak edota GPS tresnak.
Lizarietan, (Comptage, Protection et Animation à Lizarrieta) 80ko hamarkadan hasi zen azterlan zientifikoari berreldu dio CPAL elkarteak. Horrela, 2018az geroztik, elkarte hori aztertzen ari da zer espezie diren eta noiz eta zenbat igarotzen diren. Gainera, usozaleekin batera, txolomari eraztuna paratzeko proiektu bat lantzen ari da. Udazkenero, izan ere, elkarteak ornitologo gazteak trebatzeaz gain, harrera-leku bat moldatzen du, jendea migrazioaren garrantziaren gainean sentsibilizatzeko.

LIZARIETA: LEKU BEREZIAN ZAUDE

Lizarietako gaina pasabidea da. Hori dela eta, ipar Europatik, bai eta Errusiatik ere, heldu diren hegazti aunitzek Lizarieta gurutzatzen dute, Nafarroako Pirinioetako mendi garaiak eta ozeano Atlantikoan kontra dituzten haizeak saihesteko. Beraz, Organbidexkako eta Lindusko lepoekin batera, Lizarieta da hobekien orientaturik dagoen lepoetako bat, hegaztiek hegoaldera joateko ibilbidea arrakastaz egiteko.
Uztailaren 15etik azaroaren 15era, milioi bat hegazti zenbatu ohi dira hiru lepo horietan. Haietarik guztietarik, ugariena pagausoa da (Columba palumbus) eta, hein txikiagoan, txoloma (Columba oenas). Urrian, 50.000 uso ere ikus daitezke egun bakar batean.

ZATOZ HEGAZTIEN MIGRAZIOA AZTERTZERA

Lizarieta eta Nafarroako Pirinioetako bertze leku batzuk sekulako paradisua dira ornitologia maite dutenendako. Izan ere, lepo horretatik hogei bat harrapari igarotzen dira, bai eta zikoina zuriak, zikoina beltzak, usoak, ubarroiak, koartzak, kurriloak edo lertsunak, hegatxabalak eta bertze ere.
Zatoz eta gauza gehiago ikasiko dituzu hegaztien migrazioaz Lizarietako begiratokian, eraikin honetako kanpoaldean.