Kultura
Baserrietako bizimoduak eta basoarekin eta artzaintzarekin duten loturak markatzen duten lurralde honetan, natura eta kultura nahastu egiten dira. Historiak megalito-multzoek, hilarriek, gerra karlisten oihartzunek edo Pirinioen bi aldeetako biztanleak hainbeste markatu zituzten kontrabandoaren egunek ezkutatzen dituzten sekretuak ezagutzera gonbidatzen gaitu.
BIZIMODUAK
Etxalarrek historia oparoa du joan-etorriko istorioetan, oihanean barna egiten ziren “gaueko lanetan”, bai eta mugarik behar ez duten harremanetan ere.
HISTORIAURRETIK HONAT BIZI DA JENDEA
Etxalarko mendietan barreiaturik dauden monumentu megalitikoek ederki erakusten dute jende kokalekuak bazirela gure inguruan, bai Brontze Aroan, bai Burdin Aroan. Gizarte haien bizibideak artzaintza, zereal bilketa, ehiza eta arrantza izan ziren. Beren abereendako bazkalekuen bila mugitzen baziren ere, beti izaten zuten bizileku finko bat. Utzi zizkiguten trikuharri, harrespil, tumulu eta iruinarrietako aunitz Zentinela mendiaren ekialdean daude, Arxuria eta Iratzako mendietako magaletan.
KARLISTALDIEN ETA NAPOLEONEN GERREN LEKUKO
Mugalde honetako mendi, oihan, kasko eta ibarrak gerra aunitzen lekuko izan dira; bertzeak bertze, Napoleonen gerrak (Konbentzio Gerra, 1793-1795, eta Frantsestea, 1808-1814) eta gerra karlistak edo karlistaldiak. Arxuria mendian oraindik ere badaude karlistek inguru guztiko mugimenduak kontrolatzeko eraiki zuten gotorlekuaren arrastoak. Hantxe gertatu zen Arxuriko Gudua, hau da, hirugarren eta azken karlistaldiari akabera eman zion gudua.
Beldurrak eraginik eta janari beharrean zebiltzan soldaduen etengabeko harat-honatak zirela eta, familiek asmamenez jokatu behar izan zuten, beren abereak oihanean gordez edota janariak gorozkien artean sartuz, armadak ez eramateko.
BURDINOLAK ETA KISULABEAK
Burdinolek bultzada handia eragin zuten hirigunea garatzeko. Erreka bazterretan paratzen ziren, uraren indarra baliatzeko eta, oihanetatik ateratzen zuten egurrarekin, egur-ikatza egin, eta ikatz mota hori erabiliz, burdin mea burdin eta altzairu bihurtzen zuten.
Gaur egun, ia ez da eraikuntza horien aztarnarik gelditzen. Bai, ordea, zenbait kisulabe. Lehenago, 80 kisulabe inguru zeuden, bai bideetan, bai belategietan. Lehenik, meak urtzeko erabiltzen zituzten, berrikitan jakin izan denez; eta gero, kisua edo karea ateratzeko eta, kisuarekin, lurra ongarritzeko eta hargintza-lanak egiteko.
BASERRIA ETA BORDA
Erdi Aroan jendea gune metatuetan bizi zen, elkarren ondoan. Etxalarko eliza inguruan paseoa egiten baduzu, etxe handi ederrak ikusiko dituzu, zure begien gozamenerako, guztiak ere harri landuz eraikiak, eta haritzezko armazoiak dituzte, bai eta balkoiak ere. Urteen joan-etorrian, biztanleria handitu zenez, biztanle aunitz bordetara joan ziren bizitzera. Bordak, hasieran, herriko jendearen etxeetako etxolak ziren. Horrelaxe sortu zen euskal baserria Bortzirietan, hau da, Igantzi, Arantza, Lesaka, Etxalar eta Bera barne hartzen dituen eskualdean. Gero, XVIII. eta XIX. mendeetan, inoiz baino baserri gehiago izan ziren, 160 inguru, mendian barreiatuak, eta nekazaritzatik eta azienda lanetatik bizi ziren.
KONTRABADISTEN LURRALDEA
Kontrabandoari esker, jendeak sosa etxera ekartzeko modua izan zuen, behar handia baitzegoen, Gerra Zibilaren ondotik, batez ere. Jendeak ederki ezagutzen zituen bideak eta mugako pasabideak eta, horri esker, paketeak garraiatzen zituzten gauez (kobrea, errodamenduak, platerak, galtzerdi motzak, kristalezko galtzerdiak, puntillak…). Kontrabandoari “gau lana” erraten zaio eta eguneroko ogia izan zen herriko ehun bat bizilagunendako. 30-35 kiloko fardelak eramaten zituzten bizkar gainean.
Kontrabandistak hagitz trebeak baitziren poliziaren kontrolak saihesteko; hortaz, hori ere lagungarria izan zen soldadu aliatu, hegazkin-pilotu eta iheslariendako, II. Mundu Gerran naziengandik ihes egiteko. Lizarietako ibilbidea (Sara-Lizarieta-Bera) horretarako erabili zen, Bidasoko Comète Sarea harrapatu zutenean. 70eko hamarkadan, jende aunitzek pasabide hori erabili zuen beren herrialdeetako diktaduretatik ihesi joateko.
EMIGRAZIOARI LOTUTAKO HERRIA
XIX. mendean gosea zabaldu zen, karlistaldien ondorioz eta burdinolak ixtearen eraginez. Horrek bulkaturik, Etxalarko biztanle aunitzek Argentina, Uruguai edota Txilera emigratu zuten, aukera berrien bila.
XX. mendearen erdialdean, berriz ere jende migrazioa gertatu zen. Izan ere, Gerra Zibilaren ondoko urteetan, baserriak eta herriko etxeak biztanlez eta aziendaz husten joan ziren, eta herriko gazte franko Amerikara joan ziren artzain aritzeko.
BIZIMOLDE BERBERA INGURU OSOAN
Hemengo jendeen bizimoldean garrantzi handia izan du beti komunitate sentimenduak eta muga guztien gainetik bizi izan dira. Izan ere, aspaldi-aspalditik, artzaintza komunalari esker, edozein bizilagunek bere azienda eraman dezake bazkatzera edo alhatzera hemengo herri-lur edo komunaletara. Bortz urtetik behin, Mahai Harrian (Lizuniagako gaina) mugalarreen hitzarmena berritzen da inguruko herriotako bazkalekuak aprobetxatzeko. Honatx herriak: Bera eta Etxalar Nafarroan, eta Sara, Biriatu, Urruña eta Azkaine Lapurdin.
Lizarieta inguruosoan euskara mintzatzen da, badira herri-dantzak, trikitixa, hilarriak, kontrabandoa, eta usoak sare bidez harrapatzen dira. Herri baten nortasunaren ezaugarri horiek guztiek bizirik diraute, Etxalarko eta Sarako jendeak belaunaldiz belaunaldi egindako lanari esker.

