Migrazioa. Usategiak

Usategietako lepoa Europako uso migratzaileen pasalekua denez, toki ezin hobea da usoak sareen bidez harrapatzeko. Usoak ehizatzeko sistema hori antzinakoa da, eta duela 600 urte baino gehiagotik hona bizirauten du.

USATEGIAK

Usategietako lepoa Europako uso migratzaileen pasa lekua da. Beraz, toki ezin hobea da usoak sareen bidez harrapatzeko. Usoak ehizatzeko molde hori aspaldi-aspaldikoa da, duela 600 urtetik baino gehiagotik honat egiten baita.

ZER DIRA ETXALARKO USATEGIAK?

Usoak sareen bidez ehizatzeko modua gauza tradizionala da eta Etxalarren bertzerik ez da egiten Iberiar penintsula osoan. Erdi Aroan hasi omen zen (lehen agiria 1378koa baita). Ogibidea ahoz aho pasatu da, arau idatzirik gabe, eta trebezia eta eskarmentua behar dira.
Usategiak Gaztelu familiaren jabetzakoak dira eta Usategietako lepoan daude, inbutu forma duen inguru batean. Han, alde banatan, hainbat trepa edo dorre daude, 10-20 metroko altuerakoak. Trepak elkarrengandik gero eta hurbilago daude Iarmendiko lepora hurbildu ahala. Lepo horretan sareak paratuak daude. Trepa gainetik, trapariek usoak sareetarat bideratzen dituzte oihuen bidez, zatarrak edo zapiak astinduz eta makilak botaz. Talde lana funtsezkoa da, eta abilezia handia behar da, bai eta eskarmentu handia ere.
Etxalarko usategiak Kultur Intereseko Ondasun dira, Nafarroako Gobernuak halaxe erabakita 2010ean, aspaldikoak eta gauza berezia baitira.

USOEN MIGRAZIOA

Kokapena eta orografia direla eta, Lizaietako gaina leku estrategikoa da Europa eta Afrika arteko hegazti migratzaileen pasarako. Lepo gainetik hegan igarotzen diren hegaztien artean, bi uso mota nabarmentzen dira: txoloma (Columba oenas), gutxiago dira; eta pagausoa (Columba palumbus), aunitzez ere ugariagoa. Kalkuluen arabera, 3 milioi usok gurutzatzen dute udazkenero Pirinioetako mendebaldeko muturra. Lizaietan, 2022ko egun batean, inoizko pagauso pasarik handiena zenbatu zen, ia 380.000 izan baitziren.

NOLA DAGO ANTOLATUA EHIZA MOLDE HAU?

Lanbide honek jakin izan du gordetzen landa giroko gizarteen auzo antolamendua, estatuen eta mugen gainetik. Izan ere, Etxalarko usozaleek harreman sakonak dituzte Sarako (Lapurdi, Frantziako Estatua) usozaleekin, bai eta inguruko bertze usozaleekin ere.
2011n, Sara eta Etxalar arteko hitzarmena berritu zen Etxalarko usategietako ehiza moldea babesteko: «Mendez mende sinatu diren itunek ematen dituzten eskumenak erabiliz, Sara eta Etxalar herrien arteko harreman onak ikusirik, uso ehiza Euskal Herrian interes turistikoa dela ikusirik eta tokiko tradizioak gorde behar direla aintzat harturik». Ituna urtero berritzen da irail akaberan, usategietako besta egiten den egunean.

ERAGINIK DU EGURALDIAK?

Eguraldia funtsezkoa da usoak sareen bidez harrapatzeko. Oro har, ipar-haizea edo ipar-ekialdeko haizea komeni da uso saldoak Iarmendiko lepora joateko. Bertzenaz, hego-haizeak jotzen duelarik, usoak kostaldetik (Txingudi) igarotzen baitira.
Iduri duenez, azken urteotan, klima-aldaketaren eraginez, uso pasa aldatzen ari dela. Udazkenak epelagoak dira, haize-hegoak maizago jotzen baitu eta, ondorioz, usoek gero eta gorago egiten dute hegan; beraz, zailagoa da sareen bidezko ehiza egitea.

EHIZA MOLDE JASANGARRIA DA?

Jasangarria da arrunt. Izan ere, pasatzen den uso kopuruaren aldean, uso gutxi harrapatzen dira sareen bidez. Harrapaketak dozenaka zenbatzen dira, beti egin den moduan. XIX. mendearen bigarren erdian, zenbaitetan 400 dozena baino gehiago harrapatzen ziren. Gaur egun, ordea, nekez izaten dira 100 dozena baino gehiago. Hori gertatzen denean, suziri bat botatzen da lau haizeetara ospatzeko.
Gainera, aspalditik honat, harrapatzen diren txoloma batzuei eraztuna paratzen zaie, CPAL (Comptage, Protection et Animation à Lizarrieta) elkarteak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak lagundurik, eta berriz ere askatzen dira nolako ohiturak dituzten ikertzeko.

ZERGATIK DIRA HAIN EZAGUNAK ETXALARKO USATEGIAK?

Usategiak deigarri egin zaizkie bidaiari, ikertzaile
eta jende ospetsu aunitzi; haien artean daude Napoleon III.a, Pierre Loti, Orson Welles, Barojatarrak edo Bernardo Atxaga.
Haietako batzuek, gainera, usategien berri eman zuten. National Geographic Magazine aldizkariak, konparazio batera, artikulu bat argitaratu zuen Etxalarko usategien inguruan, usoak sare bidez nola harrapatzen diren azaltzeko. 1950ean, Charles Wertenbaker kazetariak gaiari buruzko kronika bat idatzi zuen New Yorkeko New Yorker egunkarian. Hura Orson Wellesen kolaboratzailea izan zen eta 40ko eta 50eko hamarkadan Ziburun (Lapurdi) bizi izan zen familiarekin. Handik bortz urtera, Orson Wellesek berak “The Land of the basques” (Euskaldunen Lurraldea) dokumentala filmatu eta Etxalarko usategiak erakutsi zituen.

USATEGIAK ETORKIZUNARI BEGIRA?

Etxarlako Usozaleen Elkartea arduratzen da Etxalarko usategiak antolatu eta mantentzeaz, bai eta haien hedapena egiteaz ere. Irabazi-asmorik gabeko elkartea da eta bere gain hartua du jarduera nagusia. Usoen tradizioa Etxalarko nortasunaren ikurra da, eta belaunaldi berriak ederki egokitu dira usoen tradizioak dakartzan erronketara.