Goikoa

Ondare arkitektonikoa

– Goiko errota

GOIKO ERROTA

Goiko errota Orizki auzoan kokatua dago, Olazarrea baserriaren segidan, Tximista erreka bazterrean. Errota hondamen egoeran dago duela urte nahiko. Bere garaian errota langileak eta errotariak bertan bizi ziren.

Errota, bertaraino ailegatzen den ubide batetik zihoan urak, jartzen zuen lanean. Ubide honek errota ondoan bere forma mantentzen badu ere (larrez estalita dago hala ere), bertze tramuetan nahiko tapatua dago. Ubide honen erdialdera bi hustubide daude eta abereak pasatu ahal izateko pasabide bat.  Ubide honen hasieran, ura errotarantz bidaltzeko, gaur egun desagertutako harrizko presa handi bat zegoen. Presa hau harri gorriz egina zegoen arroken gainean, eta bere dimentsioak erdiko errotarena baino txikiagoak ziren.

2007. urtean uholdeak izan ziren eta tximistako urek presa suntsitu zuten.

Historia

Irin errota hau Gaztelua jauregiko Pedro Jose Gaztelu eta udaletxearen artean egin zuten 1733. urtean. Errota egiteko arrazoiak herriko biztanle kopuruaren igoera eta urtero izaten ziren idorteak izan ziren arrazoi nagusiak.

Hasiera batean Gaztelua jauregikoak kontra egin zuten, beraiena baitzen herrian zegoen errota bakarra eta gainera orduan zegoen dekretu batek babesten zien. Hala ere azkenean errota egin zen baina Gaztelukoek kondizio batzuk ezarri zituzten; herriko biztanle, bizilagun, burdinolako ofiziala, kanpoko etxeak  eta ingurutako herrikoek, bi errotetara joan beharko zuten beraien aleak irintzeko (Erdiko errotaren erdia Gaztelukoena zen ere).

Irintzeko saio bakoitzagatik almute bat ale utzi beharko zen ordainketa bezala, gero erroten jabeen artean banatzeko (almute = anega erdia; anega = 55,5 litro).

Eraikina dagoen lurraldea Olazarrea etxearena zen (ondoko etxea) eta ubidearena berriz Perunea etxekoa. Errota honek hasiera batean bi errota-harri zituen, bat artoa irintzeko eta bertzea gariarentzako. Errotaren eraikuntza bukatu zenean, peritu batzuk ekarri zituzten kanalaren, botatako arbolen eta erabilitako lurralde eremuaren balio kalkulatzeko. Mugarriak ere jarri zituzten kanalaren luzeran, 6 oineko distantziarekin batetik bertzera.

1800. urtean errota honetan, ubidea eta bertzelako konponketa lanak egin zituzten. Errotaren jabeak oraindik Gaztelukoak eta bazkide talde batekoak ziren.