Bertatik Bertara

Bertatik Bertara

UEMAk (Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak) antolatutako kanpaina hau ekainaren 19an hasiko da, eta udalerri euskaldunek beren baitan biltzen duten aberastasuna ikusaraztea eta aldarrikatzea du helburu. Herritarrak zein bisitariak sentsibilizatzeko ekimena izanen da, eta horrekin bat egin dute Bortzirietako Udalek, Uraren Bailarak  eta Baztan-Bidasoa Turismo Elkargoak.

COVID-19ak eragindako osasun larrialdiaren ondorioz, aldaketa handia izanen du batetik bertzera bidaiatzeko eta atseden egunak antolatzeko moduak. Beraz, inoiz baino gehiago, gure bazterrak bertatik bertara ezagutzeko aukera izanen dugu hurrengo hilabeteotan. Horregatik, Bortzirietako udalek bat egin dute UEMAk abiatutako Bertatik Bertara kanpainarekin, herritarrei eta bisitariei erakusteko udalerri euskaldunak zer-nolako altxorrak diren, bertatik bertara zenbat gozatzen ahal den  nabarmenduz, bertako produktuekin, bertako kulturarekin eta bertako ekonomian oinarritutako garapenari eskutik helduta. Betiere udalerri euskaldunen nortasuna egokien islatzen duena euskara dela ahantzi gabe.

“Gure bazterrak ezagutzera eta maitatzera gonbidatzen zaitugu, eta horrekin batera, baita horren bertakoa den eta horren bizirik dagoen hizkuntzaz gozatzera ere” dio denda, jatetxe, ostatu eta zerbitzu sektorerako prestatutako karteletan eta mahai-gainekoetan ageri den testuak.

Udalak harremanetan jarriko dira bertako merkatari, ostalari eta zerbitzu sektoreko eragileekin kanpainaren berri emateko eta euskarriak beren esku uzteko, eragile horiek baitira herritarrengana eta bisitariengana heltzeko bitartekari egokienak.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *