Sarrera

USATEGIAK

– Sarrera

Etxalarko Usategiak

Etxalar zerbaitengatik ezaguna bada, usategiengatik da ezaguna. Bertan, XV. mendetik dokumentatua eta mantendutako ehiza sistema primitiboa erabiltzen da, sare bidezko ehiza sistema tradizionala. Nahiz eta penintsula osoan ehiza mota hau debekatua egon, Etxalarren mantendu egin da, batez ere tradizioak duen garrantziagatik eta herrian oso errotua dagoelako.

Bere historia zabalean zehar hamaika pasadizo eta kontakizunen hizpide izan dira usategiak, batetik usategiak berak sortzen zituen tirabirak zirelako eta bertzetik hauen kokapen bereziarengatik, Sara eta Etxalar herrien artean partekatuta baitaude Etxalarko usategiak. Gaur egun usategiak gure herriko ondarerik preziatuenetako bat da eta jendearen erakargarri.

– Leku ezaguna

Etxalarko herria txikia izanik ere, nahiko ezaguna da, edo behinik behin aditua. Ehiztariez gainera, ia egunero uso denboraldian zehar, jende pila hurbiltzen da Usategietara, larunbata eta igandetan beti ere gehiago.

Oso ohikoa da Iarmendiko bide, bidaxka eta inguruetan, Lapurdi, Gipuzkoa, Nafarroa eta urrunagotik ere etorritako jendearekin topatzea.

Historian zehar, atzerriko eta inguruko egunkaritan eta idazleak, ehiza mota hau aipatua izan dute euren idatzietan. Azken urteotan inguruko telebista eta egunkarietan maiz agertzen dira Etxalarko Usategiak.

Bertatik mundu mailan ezagunak izan diren pertsonaiak egon izan dira; 1868an Napoleón enperadorea egon zen, Alfonso XII. behin baino gehiagotan joaten zen. Honen semea noiz behinka ere agertu izan zen.

Gaur egun pertsonai ezagunen artean, Migel Induraín etortzen da urtean behin bertan ehizatu eta eguna pasatzera.

– Kokapena:

Etxalarko usategiak, Mendikarri eta Atxuria mendien arteko mendi lepoan kokatua dago, Etxalar eta Sarako herrien tartean eta aldi berean Nafarroa eta Lapurdi arteko mugan, hain zuzen Iarmendi (509m) mendiko Txorilepo bezala ezaguna den mendi lepoan.

Usategiak