Elkarteak-Taldeak

TALDEAK – ELKARTEAK

ALTXATA KIROL ETA KULTUR ELKARTEA

Etxalarko kultur eta kirol esparruan lanean dabilen elkarte honek, honako ekitaldiak antolatzen ditu urtean zehar: Inauteriak, Mendi itzulia, Gasna eta artisau azoka, Usategietako igandea, Herriko dantza taldearen emanaldiak eta pilota txapelketak.


ANDRA MARI ELKARTEA

1979ko urtean sortu zuten herriko emakume talde batek. Hasiera batean herriko gazteei euskal dantzak irakasten hasi ziren. Bere ibilbidean zehar ikastaroak antolatzea izan da bere zeregin nagusietako bat. Antolatu dituzten ikastaroetako batzuk hauek izan dira:  Sukaldaritza, eskulanak, errestaurazioa, inaustea eta frutikultura eta heldu eta gazteentzako gimnasia. Gaur egun euren jardun eskulan ikastaroetan oinarritzen da. Egindako lan guztiak Gasna eta Artisau feria egunean aurkezten dira.


ETXALARKO TRIKITILARIAK

Etxalarko Trikitixa Taldea herriko haur eta gazteek osatzen dute. Bertako partaideak dira hainbatetan Euskal Herriko txapeldunak izan diren Elizagoyen ahizpak, Irune era Itsaso. Talde honek garrantzi handia du herriko bizitza kulturalean. Urtean zehar, hauek ere ekitaldi mordoetan parte hartzen dute; Inauterietako kalejira eta eskeetan, Gasna eta artisau ferian, Herriko bestetako kalejira eta emanaldian, Gazte egunean eta Olentzero egunean.


ANDRA MARI DANTZA TALDEA

Herriko haur, gazte eta helduak osatzen dute Etxalarko  dantzarien taldea. Talde honek bere emanaldiak herriko egun esanguratsuetan burutzen dituzte; herriko bestak, gasna feria egunean eta usategietako tradizioaren besta egunean  bertzeen artean.

 


ETXALARKO EUSKARA BATZORDEA

Talde honek Etxalarko euskararen alde lan egiten du. Urtero, udazken aldera Kultur egunak izeneko ekitaldiak burutzen dituzte, beti ere kultura eta euskara uztartuz. Antolatzen direnen artean badira klasikoak bihurtu direnak, tartean Irungo Txistulariak ematen duten emanaldi didaktikoa.  Usategietako igande bezperan, antzerkiak, hitzaldiak, proiekzioak eta kontzertuak antolatzen dituzte.


LARRABURUA JUBILATUEN ELKARTEA

Elkarte honek jardun desberdinak burutzen ditu urtean zehar. Hauexek dira elkarte honek burutzen dituen ekintza nagusiak: Sukaldaritza ikastaroa, ateraldiak, otorduak egun berezietan (inauterietan, bestetan, usategietako igandean), Kantu saioka, hitzaldiak, gimnasia eta podologo zerbitzua.

  • Egoitza: Larraburua etxea
  • Kontaktua: Beolaldea 2, 31760 Etxalar, Nafarroa. 948635166 / folaetxea@hotmail.com.

ETXALARKO TXISTULARIAK

Etxalarko txistularien taldean, herrian dagoen talde zaharrenetako bat da. Pello Apezetxea herriko apaizak  sortu zuen eta herriko neska eta mutiko aunitz izan dira bere laguntzarekin txistua jotzen ikasi dutenak, baita danborra ere. Gaur egun herrian urtean zehar antolatzen diren ekitaldi nagusietan parte hartzen dute. Hauen artean; Gasna eta artisau feriako dantza emanaldian, Herriko bestetan dantza saioan eta goizeko kalejiretan, San Juan Sua egunean eta Olentzero egunean bertzeen artean.


ETXALARKO GAZTIK

Talde hau 2009. urte bukaeran sortu zen. Honek, bere “Gazte eguna” ospatzeaz aparte, beti urriaren 2. larunbatean, ekitaldi eta ekimen desberdinak burutze ditu urtean zehar; Tailerrak, hitzaldiak, proiekzioak… Herriko bestetan txozna jartzen dute eta gabonetan postua jartzen dute ere.


ETXALARKO NATURZALEAK

Herrian sorturiko azkeneko taldea da. Bere jarduna naturarekin erlazionatutakoa izaten da. Burutzen dituzten ekitaldiak batez ere mendi ateraldi pedagogiakoak (txoriak, zuhaitzak…), hitzaldiak eta proiekzioak izaten dira.


ZANPINGORRI TALDEA

Talde hau herriko gazteenetako bat da. Hala izanda ere bere jarduera ez da batere ttikia. Talde hau mendi ateraldiak ditu xede eta urtean zehar kopuru polita egiten dituzte. Hauen ateraldiak herriko eta eskualdeko mendietara izaten dira eta inguruko herrietan burutzen diren ospakizunetarako ateraldiak ere; Sunbillako inauteriak, Herri urrats, Baztandarren biltzarra…

  • Egoitza: Eskola zaharrak
  • Kontaktua: Anduetzeta 12, 31760 Etxalar, Nafarroa. 948635062. altxata@gmail.com.

ETXALARKO SUTE ELKARTEA

Herrian dagoen elkarte zaharrena. Bere izenak dioen bezala suteak gertatzen direnerako babesa eskaintzeko sortu zuten elkartea. Suterik ez bada, urteko batzarra ospatzen dute eta su-itzalgailuen errebisioa egiten da.

Info + hemen


LANDAGAIN ESKOLAKO GURASO ELKARTEA

Talde hau, Landagain eskola sortzearekin batera sortu zen. Honen eginkizun nagusia Landagain eskolan oinarritzen bada (liburuak erosi, eskolaz kanpoko aktibitateak…),  honetatik kanpo ekitaldiak ere antolatzen ditu; Ortzegun gizeneko berendua, Haurraren eguna eta Asau ttiki herrriko bestetan.


ETXALARKO USAZALEAK

Talde hau, Iarmendi mendian instalatzen den usoak harrapatzeko aitzinako ehiza sistema kudeatzen dutenak dira. Hauen zeregin nagusia, usoak ehiza sasoian ehizatuz aparte, tradizio hau mantendu eta ezagutzeko lanak egitea da. Lanak hauek batez ere uda eta udazken partean burutzen dira. Aipagarriena hauen artean, azken hamarkadan ospatzen hasi den Etxalarko tradizioaren bestaren antolakuntzan arduratzen dira. Aipatu beharrekoa ere gastronomia lehiaketa eta usategiak sakonki ezagutzeko bisita gidatuak.


USOA ELKARTEA

Talde hau aspaldikoa da Etxalarren. Elkarte honen zeregina, herrian dauden 3 ehiza barrutien kudeaketa da. Udaberri aldera urteko batzarra egiten dute.